2012/11/26

Eguberrietan ere EUSKARAZ




Eguberrietan ere EUSKARAZ lelopean, Legorretako PIKUZALEOK! elkarteak, gabonetako opariak hautatzeko urte sasoian gaudela oharturik, euskarazko oparien aldeko kanpaina egin nahi du.

PIKUZALEOK! elkartearen ustean, gaur egun, gero eta aukera haundiagoak ditugu Gabonetako opariak egitean, euskararen faktorea kontuan izateko eta gure senitarteko eta haurrentzat opariak egiterakoan euskarazko produktuak hautatzeko (jostailuak, liburuak, musika, komikiak, filmak, informatika, gurasoentzat materialak, etb).

Hori dela eta, modu xinple baina eraginkorrean, eguberriei begira hainbat erakundek bultzatutako EUSKAL KATALOGOA sustatu eta zabaldu nahi genuke gure herriko familien artean.

Animatu zaitez eta Olentzeron eskutitza egitean, euskaraz idazteaz gain, gogoratu euskarazko produktuen eskeintza zabala duzula eskuragarri.

 

2012/11/01

391,63 euro bildu genituen Nafarroa Oinez alde




Atzo arratsaldean, 6tatik 9tara, Nafarroa Oinezen aldeko diru bilketa egin genuen, txanpon ilada erraldoia sustatuz.

Jende ugari bildu zen gure ekimenera, adin guztietako herritarrak eta azkenean, Ezkizu tabernetik Udaletxe bitarteko ilada osatu genuen eta horren fruitua, jasotako 391,63 euro izan zen.

Beraz, PIKUZALEOK elkartetik gure eskerrona azaldu nahi diegu bere txanponak jarritako herritar guztiei, ekimena aurrera ateratzeko lagundu zuten guztiei, azpiegitura uzteagatik Legorretako Udaletxeari eta interesa agertutako komunikabideei.

Esan bezala, bihar goizean, Nafarroa Oinezen aldeko kontuan sartuko ditugu bildutako 391,63 euroak.

Eskerrik asko!